2007tik, Politeknika Ikastegia Txorierri gero eta gehiago murgildu da nazioartekotzean, modernizazioa eta berrikuntza eskolara ekartzeko asmoz. Txorierrik Europako ekimen arrakastatsuetan jarri du arreta, jardunbide onenak garatu eta inplementatzeko, nazioarteko programa ezberdinetan lankidetzan arituz. Aspaldidanik, gure ingurumen-portaera hobetzeko konpromisoa hartu dugu, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzera eta hondakinen sorrera murriztera bideratutako ekintzak sustatuz, ingurumen-portaera jasangarriagoa izateko. Hala ere, gure erronkarik handiena ikasleen partaidetza eta kontzientziazioa da, etorkizunean gizarte iraunkorrago bat lortzeko asmoz.
Europar Batasunak kofinantzatuta, Youth Climate Empowerment, Txorierriren azken proiektuaren helburu nagusia, ikasleak klima-aldaketaren aurkako borrokan modu aktiboan parte hartzea da.
Proiektuko bazkideak Køgen (Danimarka) bildu ziren otsailean, mugikortasuna antolatzeko eta hiru eguneko iraupena izango duen jardunaldiaren programa adosteko. Horretarako, irailaren 27tik 29ra bitartean, Alemaniako, Danimarkako eta Herbehereetako Lanbide Heziketako ikastetxeetatik etorritako 40 ikasle eta beste hainbat irakasle laguntzaile hartuko ditu Politeknika Ikastegia Txorierrik.
Jardunaldietan zehar, ikasle bisitariek, Txorierriko batxilergoko lehen mailako ikasleekin batera, klima-helburuetarako irtenbide erabilgarri eta errealak landuko dituzte, ikastetxean ezarri daitezkeenak ‘’Eskola Iraunkorra Ideala’’ lortzeko. Bost ikasleko taldeetan, bi helburu klimatiko planteatuko dituzte eta ikastetxeetan aplikatu ahal izango diren irtenbideak aurkeztuko dituzte. Bestalde, Madariaga Dorrea eta Urdaibai Bird Center bisitatzeko aukera izango dute, biak Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatuak. Horri esker, Txorierriko ikasleek beste kultura batzuetako ikasleekin lan egiteaz gain eta ingelesez aritzeaz gain, klima aldaketari aurre egiteko benetako irtenbideak planteatuko dituzte.
Proiektu honekin, Politeknika Txorierrik bere ikasleen praktika iraunkorrak sustatu nahi ditu eta ikastetxe eta gizarte jasangarriago baterantz aurrera egiteko bidean ikasleak partaide izan ditzatela sustatu nahi du. Gainera, kultura anitzeko ingurune batean lan egiteko eta Europako jardunbide egokietatik ikasteko aukera izango dute, mugikortasun-jarduerei eta bazkideen zentrora egingo dituzten bisitei esker.